2018(e)ko urtarrilaren 21(a), igandea

Jurramendi zirkularra Iratxeko monasteriotik

Gaur ibilbide zirkular bat aurkeztuko dizuet. Iratxeko monasteriotik abiatuta eta Jurramendiko gailurretarako txango laburra.
Hamar kilometrora iristen ez den txangoa eta eremu ezberdinak zeharkatzen dituen bidea da. Iparraldeko magaletik ibiltzen garenez landaredi oparoko guneak izango ditugu ikusgai. Eremu nahiko antropizatua da eta horregatik pista nahiko izango ditugu, baina horietatik baztertzeko beta izango dugu zenbaitetan bide zaharretatik bideratuz.
Ertaroan Jurramendi edo Montejurrak bertze izen batzuekin ere ezagutu egin zen: «Monte Jeto», «Monte Xurra» edo «Monte Surra».
Naturaz gain ibilbide honek ondare eta historiako gertakari garrantzitsu batzuekin erlazionatutako guneak eskainiko dizkigu. Iratxeko monasterioa ertaroan; gerra karlistak Jurramendin, Gerra zibilaren prestaketak eta trantsizio garaiko gertakisunak. Hortaz gaurko sarrera historiari errepasotxo bat emateko beta eskainiko dit.
Wikilocen ibilbideren xehetasunak

Powered by Wikiloc
Ibilbidearen bideoa:


Ibilbidea eta profila


Irteera Iratxeko Monasterian dut. Aparkaleku zabala dago bertan eta bueltarako bisitatxoak utziko ditut. Monasterioa obretan dagoelakoan ertsita dago eta ezin gaurkoan bisitatu.






Erdi aroan Nafarroako koroak eskainitako laguntzarengatik Iratxeko monasterioa Nafarroako aberatzenetarikoan bilakatu zen. Halako informazioa eskuratzerik duzue turismoko webgunetik:
Ospitalea erromesentzat, unibertsitatea, gerra ospitalea, erlijiosoen ikastetxea eta abarreko erabilerak izan ditu eraikin honek.
"Aspaldi-aspaldikoa da, beneditarrek XI. mendean eraikitzen hasi baitziren VIII. mendeko monasterioaren gainean. Ibilbidean gauza asko ikusiko dituzu: XII. mendeko eliza erromanikoa, klaustro platereskoa, dorre herrerianoa eta, azkenik, XVI-XIX. mendeetan egindako beste eraikuntza batzuk. Horrek guztiak monumentu-multzo honen historia jakiteko aukera emanen dizu. 1985etik hona ez da inor bizi.
Eraikin horietako batzuk Erdi Arokoak dira; beste batzuk Errenazimendukoak eta badira Barroko garaikoak ere bai. Nafarroako lehenbiziko ospitalea izan zen erromesentzat -Orreagako ospitalea ez baitzen eraiki mende bete pasa arte- eta errege Gartzia Naiarakoak eraikiarazi zuen XI. mendean. Iratxek goia jo zuen San Beremundo abade izan zen garaian (1056-1098). Abadea oso eskuzabala izan zen beharrean bizi zen jendearekin eta janaria abitu azpian ezkutaturik eramaten zien. Bere kongregazio kideek kargu hartzen ziotenean, abitua goratu eta arrosak edo zurezko ezpalak agertzen ziren -eskaleak berotzeko- ogia azaldu beharrean.
Monasterioa Andre Maria Erreginari eskainia dago eta beti bizi izan da jendea 1985era arte. Horregatik, oso ongi kontserbatu da. Baina, bokazioak gutxi zirela ikusita, monjeek urte horretan alde egin zuten.
Unibertsitate baten egoitza izan zen 1569tik 1824era arte.
Harritzeko modukoa da XII. mendean eliza prerromaniko baten gainean eraikitzen hasitako tenplu erromanikoa. Gurutze latinoko oina du eta hiru absideak erdi-zirkularrak dira, hasierako eraikuntzaren lekukoak. Erdikoa nabarmentzen da hiruren artean, oso ongi kontserbatuta dagoen erlaitzari esker, animaliaz apaindutako erlaitzari esker.
Tenpluan sartzeko, badira bi atari erromaniko, San Pedrokoa eta ate nagusia, biak gai historikoekin apainduak; baina merezi du merezi duenez Preciosa atearen aurrean gelditzea. Ate horrek elizarekin lotzen du klaustro platereskoa, eta hantxe daude Salbatore eta Andre Mariaren irudiak. Baina badira arretaz bisitatu beharreko beste gauza batzuk: fraide-sakristia (XVI), kapitulu-gela nerbiodun gangarekin, eta XVII. mendeko eraikin handia -estiloaren aldetik, herrerianoa-, Iratxeko Unibertsitatearen egoitza izan zena.
Mendez mende, Iratxeko Andre Mariaren irudia gorde zuen (XII. mendekoa), zalantzarik gabe Ama Birjinari buruzko irudigintza erromanikoaren adibiderik ederrenetakoa Nafarroan. Zurezkoa da, metro bat du altueran eta zilarrezko txapa batez estalia dago, aurpegia eta eskuak izan ezik. Baina, irudi hori ikusteko, Deikazteluraino joan beharko duzu, Aiegitik 10 kilometro hegoaldera. Duela ehun urte eraman zuten hara".

Wikipediatik jasotakoa:
Ez dirudi garrantzi handia izan zuenik XI. mendearen erdialderaino. Donejakue bidearen ertzean eraiki zuten, eta ospitale bat eratxiki zitzaion 1054. urtean. Nafarroako koroari esker handitu zen Iratxeko monasterioaren ospea. XIV. mendean, Nafarroan geratzen zen monasterio beneditar bakarra zen, eta hango abadeek ordezkaritza zuten Nafarroako erresumako gorteetan. Garai hartan, berrogei eliza eta monasterio txiki zituen bere mende Iratxeko monasterio handiak.
XVI. mendean, inprimategi bat egokitu zuten han, eta Valladolideko San Benitoren kongregazioari lotu zitzaion 1522an, Nafarroa Garaia Gaztelako koroaren mendean geratu ondoan. Unibertsitate bihurtu zuten hamabi urte geroago (1534). 1833ra arte iraun zuen Iratxeko unibertsitateak, eta lau urte geroago alde egin zuten betiko fraideek. Bigarren Gerra Karlistan, erietxe izan zen.
Ez da ezagutzen Iratxeko monasterioa eraiki zen data zehatza, baina lehen etxea IX-X. mendeetakoa dela esan liteke. Monasterioaren parterik handiena eta ostatua XI. mendearen bigarren erdialdean eraiki ziren. Aipagarri dira eliza −XII. mendean eraikitzen hasia eta estilo gotikoaren moldeen arabera amaitua−, XVI.mendeko klaustro platereskoaeta areto nagusia −XVIII. mendeko aurrealde barrokoa duena−.
Iratxeko monasterioa hainbat gunetan banatua dago, eta gune bakoitzaren eraikuntzak badu zerikusia monasterioaren bilakaera historikoarekin. XI. eta XII. mendeetan, goraldia izan zuen monasterioak, eta horren lekuko da XII. mende erdialdeko eliza erromanikoa. XIII. mendean, berriz, monasterioa gainbeheran hasi zen. XVI. eta XVII. mendea berpizkunde-garaiak izan ziren, eta horren lekuko dira XVI. mendeko klaustro platereskoa eta XVII. mendean ikastetxe ohia unibertsitate bihurtu izana.


 Monasterioa autobidearen bertze aldetik.
 Monasterioren dorreak Jurramenditik
Iratxeko monasterioa jaitsierako bidetik.
Ibilaldia Donajakueren bidetik hasiko da. Monasterioaren labore lurrak bereizten dituen hormaren aldamenetik.
Hormaren bukaeran aurreneko bidegurutzea dugu. Eskuinetik Donajakue bide bat dugu, Iratxe kanpinera doana eta gure kasuan zuzen jarraitu beharra dugu autobidearen azpitik igarotzen den pistara iristeko. Bigarren hau ere Donajakue bideko aldagai bat da, Jurramendiko magaletik Azketara doana.
 Bidegurutzean zuzen jarraitu etxeak dauden aldera.
 Autobidearen azpiko igarobidea.

Autobidea igaro eta ezkerretik ekingo diogu, momentuz Donajakue bidea utziz.

Pistatik jarraitu eta handik laurehun metrotara eskuinetik abiatzen den pistara pasako gara autobidearen aldamenetik baztertuz.

Metro gutxi barru berriz bertze bidegurutze bat izango dugu, oraingoan ezkerreko pistatik jarraituz.

Tartetxo honetan berriz Donajakue bidetik goaz, baina segituan zuzen doan pistatik jarraituko dugu, aurrekoa utziz.
Pista honek errepide batetara eramango gaitu.

Hara iristean eskuinetik gora jarraitu beharko dugu. Metro batzuk aurrerago denabateko pista batetan bilakatu egiten da eta Jurramendiko magaletan dagoen aparkaleku batera eramango gaitu.






Jurramendi edo Montejurra, karlisten mendi sakratutzat ematen dena da, bertan izandako karlistaldietako gatazkak direla medio. Hona hemen laburpen historiko bat.

Gerra karlistetan gatazka ezberdinak izan ziren mendi honetan. Aurreneko karlistaldian 1835. urtean aurrenekoa. Azaroaren 16ean Liberalak Lizarran sartzea lortu zuten baina karlistek armadak biltzean alde egin beharko dute. Karlistak Iratxetik jurramendira igoz eta liberalek gauza bera Muniain aldetik egitean, gatazka latsa izan zen eta karlistek garaile suertatuko dira, liberalak galera handien ostean eta eskapoan Allon bilduko dira eta handik ere irtetea osta osta lortuko dute.
Hirugarren karlistaldian Jurramendiko bi gatazka izango dira. Nagusiena 1873. urtean azaroaren 7,8 eta 9 artean, non liberalen aldetik, iturrien arabera 12.000 edo 17.000 gizonezko armada eta karlisten aldetik aldiz 8.000 edo 9.000 gudari inguru topo egiten dute. Gatazka arras odoltsua izan zen kontutan izanik ia 1.000 baja izan zituela. Gatazkan Karlos (VII.) ere izan zen eta karlisten garaipena sona handikoa izan zen. Hurrengo egunetan Karlosek tropen behaketa egingo duelarik Lizarran eta gatazkaren omenez dominak egin zituztelarik. Karlistentzako ohorezko gertakarian bilakatuz eta geroztik Jurramendi karlismoaren eremu sakratutzat hartuz.
Karlosek honela kontatu zuen bere memorietan: "La batalla de Montejurra se desarrolló entre el 7 al 9 de noviembre de 1873. Moriones estuvo auxiliado por Miguel Primo de Rivera, Pedro Ruiz Dana, Juan Tello Miralles, Joaquín Colomo Puche, Ramón Fajardo Izquierdo, Catalán, Joaquín Montenegro Guitar y Velarde. El ejército gubernamental se formó con 17.000 hombres. Mí ejército opuso resistencia y fue tal la pericia demostrada que el ejército gubernamental tuvo que retirarse."
Bigarren gatazkan ordez, 1876. urteko otsailan izan zen, baina inolaz ere aurrekoa bezain garrantzitsua. Liberalek garaile suertatu ziren.

Igoerarako aukeratutako bidea gurutze-bidearena da. Karlistek euren mendira igotzeko oroigarri gisa eraiki bai zituzten hainbat gurutze. Gerra zibilaren ondoren eta gerran euren bandoko hildakoen omenezko bidea indartu egin zuten. Maitzaren aurreneko egunean 1939. urtetik erromeri jendetsuak ospatu egiten zituztelarik.
Hasieran ezkerreko bidea hartu beharra dago gurutze-bidea jarraitzeko. Eskuinekoa aldiz presoen bidea da.

Igoera aldapatsua izan arren ongi markatuta dagoena da. Gorago eta bertze gurutze bat topatuko dugun puntuan, eskuinera jarraitu beharko dugu.



Bertatik jada Muniain de la Solana eta Egaren harana ikusgai dugu.




Bidea jarraituz Cipriano Deunaren baselizara iritsiko gara. Bertan aterpetxo bat ere dago.




Baselizaren goiko aldean eta pareta batean eraikita gurutzifikatua eta altare bat dago. Bertan ospatu egiten zituzten karlistek beraien gurutze-bidearen bukaerako mezak. Bertze azalpen historikoa:

Trantsizio garaian, 1976. urteko Maiatzaren 9an hain zuzen ere, gailurrean eta Iratxeko monasterioaren inguruetan istiluak eman ziren karlisten bandoen arteko borrokan.
Azken karlistadaren ostean eta Karlosek Pirinioak Luzaidetik zeharkatu (1876) eta gero, nahiz eta erran bueltatuko zela, gerra galtzeaz gain, estatu liberala ezartzen zen neurrian euren ideologia berpentsatzearen beharra izango dute. Alderdi karlistak existitzen jarritu zuen. III. Gerra Karlista galdu ondoren hondoratzea eta zatiketa izan zen karlisten patua. Karlista batzuk Alfontso XII.aren erregetza onartu zuten eta beste batzuk, XIX. mende bukaeraz geroztik, nazionalismoak besarkatu zituzten. Gerraosteko karlistek Zirkulu Karlistak fundatu zituzten hainbat tokietan, nagusiki, hego Euskal Herriko probintzietan. Hauetan espainiar sistema politikoan nola txertatu eztabaidatu ohi zen, baita garai berrietara egokituko zen alderdi politiko bat fundatzearen inguruan. Azkenik, Antzin Erregimenaren aldarrikapena egiteari utzi eta sistema liberal kapitalista onartu zuten, beti ere, hainbat printzipioei uko egin gabe, (foruzaletasuna, Karlos VII. Erregaiaren eta erlijio katolikoaren defentsa …)
Geroago gerra zibilaren prestaketetan monasterioan izandako negoziazioetaz mintzatuko naiz. Baina oraingoan transtsizio garaiko liskarretan zentratuko naiz.
Franco hil eta hurrengo urtean alderdi karlista nagusiena, Platajuntan sartua zena eta ondorioz demokraziaren aldeko borrokan ezkertiar bertze indarrekin bat egiten zuena, urteroko legez gurutze-bidea ospatzeko aitzakiarekin Gobernadore zibil frankistari baimena eskatua zioten Jurramendira igotezeko. Azken urteetako erromeri karlistak 60. hamarkadakoak bezain jendetsuak ez izan arren, hamar mila lagun inguru biltzen zituen. Aurreko hamakadetan ehun mila lagun inguru elkartzen zituzten.
1937. urteko bateratze dekretuaren ondoren, alderdi karlistako kide batzuk ez zuten onartu karlismoa ere FET JONS barnean edo alderdi politiko bakarraren menpe gelditzea eta agintari batzuk ere erbesteratuak izan ziren. Borroka horretatik sortuko da karlismoaren barnean eszisioa. Karlista askorentzako gerran izandako protagonismoaren ostean Francoren diktadura inposatzea euren borroka antzutzat izatea suposatu zuen. Karlismoaren tradizionalismo erlijiosoa eta Espainiako ikurriña monarkikoa zituzten erreibindikazioak soilik ez bai zitutzten eskuratu.
Bi bando karlista argiki definiturik zeuden 70. hamarkadarako, arestian demokraziaren aldekoa eta nazionalismoarekin bat egiten zuen alderdia Carlos Hugo lidertzat zutena eta eskuin muturrekoena, bere anaia Sixto de Borbon Parmaren ingurukoa bildutakoa. Bunkerrekoek edo frankista xahuek bat egin zuten Carlos Hugoren alderdiarekin eta "Operación Reconquista" izenarekin ezagutu zena antolatu egin zuten. Helburu nagusia karlismoan frankismoaren aldeko korrontea inposatzea zuelarik.
Estatuaren terrorismoaren adibide argia izango dugu egun honetakoa. Sixtoren laguntzaileek eta antza denez estatuaren diru laguntzarekin eskuin muturreko mertzenarioak ekarri zituen bai Iratxeko monasteriora eta aurreko egunean Jurramendiko gailurrean akanpatzera, egun horretako erromeria boikoteatzeko asmoz. Gertakarien ondorioa bi hildako eta bertze hainbat zauritu izan zen. Ricardo García Pellejero eta Aniano Jiménez Santos hilik suertatu zirelarik. Aurrenekoa Jurramendiko gailurraren inguruan eta bigarrena Iratxeko monasterioaren inguruetan.
Polizia, bertan egonda eta gertatutakoaren lekuko izanik ez zuen parte hartu nahi izan eta inolako arazorik gabe ultra eskuindarrek eta euren borreroek arazorik gabe irten ziren Iratxetik. TOP tribunal de Orden publikoko azken epaiketetakoa izan zen eta 1977. urteko urtarrilaren hasieran hiru pertsona bertzerik ez zituen arduradun gisa zigortu baina handik guttira Anmistiaren legea indarrean sartzean, ez ziren kartxelara ere joan.
Estatuko arduradunen artean Fraga eta bertze pertsona ospetsuak izan zirelakoaren probak izan arren ez zen ezer egin euren kontra. Ez da harritzekoa, urte horretan berean Gasteizen 5 langile akabatu zituztela greba batetan, eta bunkerrak oraindik sekulako indarra zuela kontutan izanda.
1976. urteko gertakarien inguruko bideoa "la transición españolako" dokumentalaren zatitxo bat.


Eta azalpen historiko honen ondoren ibilbidearekin jarraituko dut.

 Altarea.
Eskuinetik Jurramendiko aurreneko tontorrera igoko naiz. Cipriano Deunaren izenekoa.







 Cipriano tontorra.
 Gailurratik

Handik jaitsi eta bide nagusiarekin berriz elkartu tontor nagusi aldera iristeko.
Azken egunetako elurtearen tankera somatzerik dut, bertan oraindik elur nahikotxo topatzerik dago eta.
Gailurrera iritsi eta argazki batzuk egingo ditut. Eguraldia okertzen ari dela nabaria da, hortaz azkar mugituko naiz.

 Jurramendiko gailurra.



Tontorrari buelta eman behar zaio azken gailurrera, antenak eta erpin geodesikoa duenera iristeko.



Bertara pista bat iristen da, eta hortik jaisterik dago. Nire kasuan ahal izan dudanean pistatik jaitsi ordez bidexketara pasako naiz eta zenbait puntuetan, bidea nahiko ertsita izan arren, bertatik ibiltzea nahiago izan dut. Horregatik hainbatetan pista zeharkatu edo tartetxo batzuk bertatik egin beharko dira.


Bidegurutze honetan eskuinetik irten eta basotik laburbidea hartuko dut.
Aurrerago pistarekin topatu eta metro batzuk bertatik jarraitu.
Hurrengo bihurgunean zuzen bidexkatik jaitsiko naiz, nahiz eta berriz pistara jaisteko ezponda edo mendoitza ongi ez egon.
Bertatik Jurramendiko haitzak ikusgai dira.
Berriz ere pista eskuinetik utziko dut bidexkan barneratzeko.

Bide honetatik Jurramendiko magalean barneratuko naiz eta landare oparoko eremu batetik jaitsiko naiz. Aurrerago pista zabalago batetara iritsiko naiz eta bertan ezkerretik tartetxo batetaz jarraitu.

300 metro baino gutxiagora eskuinetik baztertuko naiz berriz ere bidexka bat hartuz.
Bide honek beherago dagoen ur biltegi batetara eramango nau, eta bertan pista berri bat jarraituko dut.
Azken elurteak basoa onera ekarri du, ahul edo zaharrak ziren adar eta zuhaizka mordo bat hautsiz, argazkian ikusgai den moduan. Bide osoa, bai igoerarena baita jaitsierarena halakotaz beterik topatu izan dut.

 Nire kasuan biltegi honetatik abiatzen den pista zuzen jarraitu ordez, metro gutxi barru aurrerago eskuineko pistara pasako naiz eta honek Donajakueko bidera eramango nau.
Eta behin Donajakueren bidearekin elkartu, eskuinetik jarraituko dut. Pistak beherat segitzekotan autobidearen parera iristerik dago eta bertatik eskuinetik ere, hasierako tunelera iritsiko ginen.


Tunelera iritsi baino apur bat lehenago zutoin batzuk izango ditugu eta bertan Iratxeko monasteriora bideratzen den adarra jarraituko dugu.

Monasteriora iritsi eta Iratxe upeltegiak duten arnoaren edo ardoaren iturria bisitatzea erabakiko dut.
Jakina da, upategi hauek bi iturri prestatu zituztela, bata urarekin eta bertzea ardoa ematen duena, erromesen egarria asetzeko.
Geroago Arnoaren museoa edo erakustaretoa bisitatzeko beta izango dut ere.







Eta bukatzeko Iratxeko monasterioaren elizaren kanpoko aldeari argazkia egin, bisitarik ez bai dago, obrekin hasiko direlakoan.
Eta txangoa amaitutzat eman aurretik, gogora ekarri nahi dizuet gerra zibilaren prestaketetan leku honek izan zuen garrantziaz.
1936. urteko ekainaren 15ean bilera nagusi bat izan zen bertan Mola eta Comunión carlistaren buru baten artean. Bertan Molak, "zuzendaria" izengoitiarekin ezagutua, estatu kolpearen prestaketen arduraduna izanik (kontutan izan Sanjurjo jeneralak, 1932. urtean errepublikaren kontrako estatu kolpe baten saiakeraren ostean erbesteratua zegoela Portugalen, eta Espainian Molak zela antolaketen burua). Bilera horretara karlistek onartezinak izango zituzten eskaerak plazaratu zituen, hala nola: direktorio militarra osatzea, Parlamentu bat sufragioz osatzea, errepublikar diktadura baten eraketa, eliza eta estatuaren arteko banaketa eta kultu askatasuna. Ulertzekoa zen moduan karlistek ez zituzten onartu baina hala ere altxamenduaren aldeko adiskidetasuna erakutsi zuten. Karlistek ez zuten onartu ere Cabanellas jeneralaren asmoa, erabilitako ikurra edo ikurriña errepublikako hiru koloretakoa izatea. Fal Condek ikurriña monarkiko edo bi koloretakoa bertzela ez zutela onartuko argi utzi zuen. Hala ere Molak erreketeen funtsionamendu eta antolaketaren informazioa jaso zuen eta adiskidetasuna eta sintonia ona zutelaren erakusle gisa bertze bileretarako deialdia egin zuen.

Iruñean Garcilaso, Diario de Navarrako zuzendariaren bitartekaritzarekin eta ondoren Rodeznoko kondearen lankidetzarekin, Errekete nafartarrekin lankidetzarako adostasuna lortu zuen, hauek Tradiciónetik erabaki autonomoak izateko helburua lortzean. Jakina da altxamenduaren aurreneko egunetan eta gerraren gatazka askotan errekete nafartarren parte hartzea ezin bertzekoa izan zela. Horien artean Jurramendiren gatazkaren omenez osaturiko Tercio de Montejurra ospetsua. Hau gatazka gehienetan suaren aurreneko ilaran parte hartu zuen, bere partaideen arteko bajen tasa armada osoko altuenetarikoa izanda. Ad Ebroko gatazkan, Euskadiko edo Iparraldeko konkistan eta abar.
Karlisten parte hartzearen omenez, 1937. urteko azaroaren 8an, Francok Nafar brigadei eskerrak emateko Nafarroako Diputazioari eta ondorioz Nafarroako armarriari ereinotza edo laureada ezarri zion. Baina hau bertze egunerako kontaketa izango da.

Uztailaren 16ean Batet jeneralarekin elkartuko da berriz Iratxen. Jeneral honek errepublikaren aldekoa izanik, Molarekin elkarrizketatzea erabakitzen du gobernuak Molarekiko susmoak zituelako eta bere kargugabetzearen inguruko erabakia hartu behar zuelako. Honela azaldu zion Molari eta honek sin egin zion bere ohorezko hitzapean "inolako abenturan parte hartzerik ez zuela".
Bilera hau ematen zen bitartean Lizarrako alkatea, Fortunato Aguirrek, udaltzain armatuak eraman zituen Iratxeko monasterioren inguruetara Molaren eta bere adiskideen atxiloketaren baimenaren zain. Casaren Quiroga, momentu horretan Gobernu burua eta gerra ministroak ez zuen baimenik eman eta udaltzainak Lizarrara itzuli behar izan zuten.

Argi da Molak zuzendaria zela eta pare bat egun geroago estatu kolpea piztu egin zen eta Nafarroako karlistak erabiliz gerra zibila hasiko zela. Gogora ekartzen dizueta altxamendua uztailaren 18an larunbat batean izan zela eta Iruñean Garcia Medel guardi zibileko burua izan zela aurreneko erailetarikoa. Zerrenda luze horretan ere Lizarrako alkatea, Fortunato Aguirre izango dugularik. 19rako gaueko bederatziak aldera Iruñatik 1.000 errekete bolondres Madrilerako bidea hartu zuten. Aurretik azaldutako hitzarmen eta negoziaziorik gabe ezinezkoa litzateke egun batean mila errekete biltzea eta Logroño aldera ateratzea. Arrakasta horrenbertzekoa izan zen, zeinetan bertan parte hartu zuen errekete gazte batek aipatu zidan moduan, guztientzako armarik ere ez zela. Berak 17 urte zituelarik armarik gabe frontera atera zela kontatu zidan.

Beno eta gaurko gure historiako gertakari nagusien azalpen guzti hauen ostean ibilbide kulturala honen amaierara iritsi gara. Irakurleak aipatuko dit ea azalpen hauek interesekoak dituen edo ez.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina